XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Dantza Iskintxo, leherdura, airezko jauzi, itzulinguru dotore eta musika erritmura gorputz zabukatze neurtua den dantza, gizona bezain zaharra da.

Baso sorginduak, Erdi Haroko gaztelu, iturri erromantiko edoeta garaitarku diruditen eskenategitan, argi eta kolorezko ondorioren magiapean, mundu guztiko ballet konpainia handiek praktikaturik, egunean egunean ikuskari atseginago eta ernagarriago bihurtu da.

Zisneen aintzira, Giselle, Suzko Txoria, Silvia nahiz Frankie and Johnny interpretatzen ari diren bitartean, dantzariek, hitzik gabe, aurpegiko keinuez eta esku-oinetako higidurez, istorio polit-politak kondatzen dizkigute, eta lilura eta misteriozko lekutara, toki urrun eta ezezagunetara, edoeta Grezia-n mitologiaren aintzina-aintzinako garaitara eramaten gaituzte...

Grekoek dantza mota desberdinak zituzten jaikizun bakoitzerako, gertakari sonaturen bat ospatzeko edoeta astronomi edo meteorologi jazoeraren bat jaitzeko.

Egyptiar jatorriko Astronomi Dantza, adibidez, astruek unibertsoan duten jarrera eta galaxiaren barruan burutzen duten ibilia imitatzeko eginik zegoen.

Une desberdinen arauera, matematikoki neurtutako pausoak ematen zituzten dantzariek, eta zirkunferentzia, elipse eta parabola erako jarrerak hartzen zituzten; izar iheskor baten pasea oroitarazten zuten irudiak deskribatzen zituzten, kometa baten agerpen txinpartatsua, eguzkia eta hilargiaren eguneroko irteera, gaua eta eguna eratuz.

Errugabetasunaren dantza Diana-ri sagaraturik zegoen, jainkosa ehiztariari, eta Esparta-ko neska gazteek dantzatzen zuten haren aldare aurrean, pausoak astiro eta handikiro emanez, lotsitzal erlijiokoiz...

Atzoko, gaurko eta betiko dantzan, garrantzi handia dute besoen eta gorputzaren jarrerek.

Eskuek batipat, guztiok uler dezakegun keinu lengoaia baten bitartez, Koreografi bilbeko protagonistei bizia ematen dieten sentipen desberdinak adierazten dituzte.

Folklorearen senide den eta munduko ia herri guztiek praktikatzen duten dantza, ikuskari bihurtu zen 1580 urte aldera, eskenategietan, jendearen aurrez aurre dantzatzen hasi zutenean.

Italia-n burutu zen aldakuntza hau.

Garai hartan aretoetan egiten zen dantzak ballo izena zuen.

Frantzia-ra pasatzean, frantsesek ballet deitu zuten.

Zenbait urte geroago, 1661an, Musika eta Dantzako Nazio Akademia sortu zen Paris-en, eta Frantzia-tik, ikuskari berri hau europar gorte guztietara hedatu zen.

XIX. mendearen bukaeran, egundoko loraldia ezagutu zuen Errusia-n eta XX. aren hasieran birjaio egin zen, Ingalaterra-n eta Estatu Batuetan gero.

Diaghilev-en balletek inoiz ez bezalako ospea lortu zuten Errusia-n.

Pavlova, Nijinsky, Lifar... bezalako dantzarik esku artu zuten haren konpainian.

Igor printzea, Arrosaren espektroa, Petruxka mundu guztian eman ziren eta nazioarteko ospea eman zioten Sergei Diaghilev-i.

Ballet bat jendaurrean eman aurretik, musikalari, literato, koreografo, pintatzaile, eskenografo, jostun, teknikari eta laguntzaile sail bat aritzen da lankidetzan.

Nijinsky, inoizko dantzaririk hoberenak, adituek diotenez, arrakasta zorabiagarri bihurtzen zituen bere saioak.